22 urria, 2021

Blog KE Innova

Euskal hezkuntza komunitatean elkarrekin eragiten

Irakaskuntza- eta ikaskuntza-ikuspegi berriek erronka berriak ekarri dizkiote hezkuntza-eremu osoari, eta Hezkuntza Sailak bere gain hartu ditu. Euskal hezkuntza-sistemak erakutsi du egokitzeko gaitasuna duela, eta hori bere komunitatearen garapenerako aukera bat da. Asko da egin dena, baina asko da, era berean, egin dezakeguna. Desafioak hortxe daude eta inguruko erronkei eta beharrei erantzuteko gaitasuna izango duten pertsonak beharko ditugu.

Zeintzuk dira gure berrikuntzarako apustuak?

Etorkizuneko protagonistak: gure ikasleak

Zer mundutan biziko dira ikasleak?; nola ikasten dute gaur egungo ikasleek?; nola sentitzen dute ikaskuntza?; zer motibazio eta premia dituzte?. Eta bereziki, nola lagundu ikasleei etorkizunerako prestatzen? Galdera potoloak dauzkagu eskuartean. Izan ere, hezkuntzak ez dio soilik momentukoari begiratu behar. Begi bat hemen eta beste bat 2035ean izan beharko dugu. Egia da ez dakigula zer gertatuko den 2035ean: auzi globalak, bertako erronkak, inguru hurbiletik mundura eta mundutik inguru hurbilera…erne egon beharko dugu; epe laburreko premiei erantzuna emanez, eta epe luzeko begirada galdu barik. Pandemiak zerbait erakutsi badigu da zaintzan sakontzea ere badagokiola gaur egungo pedagogiari, jakina, garapen kognitiboa bistan galdu gabe…baina arreta berezia jarri beharko dugu ikasleen garapen pertsonalean eta emozionalean; horretarako, kontuan hartuko dugu zer harreman duten bere ingurukoekin eta beren buruarekin (autoezagutzaren garrantzia).

Sistema osoaren alfabetizazio digitalaren aldeko apustu garbia, hezkuntza eraldatzeko ardatz gisa.

Eraldaketa digital disruptiboko unea bizi dugu sektore guztietan. Beharrezkoa da aztertzea eta hausnartzea zer aukera eskaintzen dituen digitalizazioak ikaskuntza-prozesuak bideratzeko modu berriak bultzatzeko. Gure gazteak autodidaktak dira, gailu eta aplikatiboen erabilera intuitiboa egiten dute, eta esparru ez formaletan erabiltzen dituzte, aisialdian eta beraien arteko komunikazioetarako. Baina esparru formaletara jauzia eman behar dugu. Maite dituzten gailu teknologiko horiek gure lagun bihurtu behar ditugu, eta gure proposamen pedagogikoetan txertatu behar ditugu. Teknologia egokiak erabiliz gero, ikasleak erosoago senti daitezke beste baldintza batzuk esploratzeko eta sortzeko, betiere oinarri pedagogiko sendoetan oinarrituz.

Gaitasun digitala garatzeko irakaskuntza-trebakuntzako plan bat indartzea premiazkoa da, eta irakasleak dira sistemaren edozein eraldaketarako ardatz nagusia. Irakasleak ilusionatu eta aktibatu behar ditugu, beren irakaskuntza-praktiketan teknologia berriak txerta ditzaten, ikaskuntza eta ikasleen parte-hartze aktiboa sustatzen duten metodologia berritzaileak eta inklusiboak erabiliz.

Hizkuntzen auzia

Edozein trebetasun irakasteak hizkuntzaren bidez irakastea dakar, eta hizkuntza ikaskuntza sustatzeko tresna gisa nola erabiltzen den sakonki ezagutu behar da. Hizkuntzak funtzio argiak ditu: elkarreragiten laguntzen digu, esperientziak eraikitzen, eta ikaskuntza testuinguru eta euskarri desberdinetan aktibatzen duten esanahiak eraikitzen laguntzen du. Gaitasun akademikoak garatzearen ikuspegitik, hizkuntzaren dimentsioa jakintza-arlo guztietan dago. Hori da gure sistemaren erronka; izan ere, ikasle askok bigarren edo hirugarren hizkuntza batean garatzen dute beren ikaskuntza-prozesua. Aniztasunaren trataera erronka garrantzitsua da gure eskoletan, eta eskolei erantzun egokia eman behar zaie hizkuntzen berrikuntza aintzat hartuz.

Era berean, euskaraz ulertzeko, bizitzeko eta sentitzeko modu berriak behar dira, ikasleen eta hezkuntza-komunitate osoaren premietatik eta motibazioetatik abiatuta. Hasteko, sentsibilizatzen jarraitu behar dugu, eta irakasleen artean premia sortu: desabantailan dauden ikasleen beharrekin enpatizatzeko eta estrategia berriak bereganatzeko. Hizkuntzen ikaskuntza integrala modu koherentean lantzea dagokigu, ikastetxe bakoitzaren hezkuntza-proiektuan jasotako premien eta mugarrien arabera.

Funtsezko ikaskuntzak

Gaur egungo osasun-krisiak agerian utzi du ikasleek beren garapenerako behar dituzten funtsezko ikaskuntzak birpentsatzeko beharra. Digitalizazioaren aldeko apustua egiteaz gain, hausnarketa sakona egin behar dugu lehentasunak zeintzuk diren jakiteko, ikasleak ikaskuntza-prozesuaren erdigunean jartzeko, eta irakasleak ikaskuntza horiek bideratzeko eta ebaluatzeko modu berrietan trebatzeko. Hortaz, ebaluazioak irakaskuntza eta ikaskuntza erregulatzen lagundu behar du: ikasleena eta irakasleena.
Curriculuma esperimentaziorako esparru bat da jada; eta esparru horrek etengabeko garapena eta gogoeta egiteko aukera emango digu, irakasle kolektibo osoaren garapen profesionala eta pertsonala sustatuz.

Lankidetza eta gobernantza

Berrikuntzak indarra hartuko du lidergo pedagogikoa bultzatzen bada, eta zuzendaritza taldeak ahalduntzen baditugu. Ahalduntze horrek, komunitatearen lankidetzarako kulturan eta berrikuntza senan eragin zuzena baitauka. Azken finean, ikasle guztien arrakasta nahi badugu, eta komunitatearen ikaste-kulturan eragin nahi badugu, gobernantza eredu berriak eta irekiak bultzatu beharko dira, saretze lanetan murgilduz eta familien parte hartze aktiboa bultzatuz.

Laguntza-sistema berriak

Erronka horiei egokiago erantzuteko, premia dago orain arte izan dugun laguntza sistema ereduak berrantolatu eta garatzeko. Eredu berri horiek modu sistematiko eta pertsonalizatuan erantzun nahi die, besteak beste, ikasteko eta irakasteko modalitate eta behar berriei, irakasleen profilen garapenari, ikastetxeen antolamenduari, digitalizazioaren erronka berriei eta, oro har, ikastetxeetako berrikuntza-prozesu eta -proiektuei. Uste dugu garai aproposa dela kultura profesionala beste modu batean konfiguratzeko. Apustu horrekin batera bizitzan zehar ikasteko grina bultzatzeko amu eta estrategia berriak beharko ditugu, proiektu erakargarriak eta sendoak diseinatuz, eta kultura profesional horretan inbertituz.

Bi hitzetan…

Desafioi berriei ezin diegu heldu errezeta zaharrak erabiliz. Horregatik, testuinguru eraldatzaileak behar ditugu. Nola egokitu gure sistema etengabeko aldaketetara? Denon artean, betaurreko zorrotzekin eta irekiekin etengabe errealitatea irakurtzeko kapazak izan beharko gara, egiteko modu ezberdinei lekua utziz, eta gure betiko balioi eutsiz. Ikaslea erdigunean jarriko duen euskal hezkuntza sistema nahi dugu, berdinen arteko ikaskuntzan eta berrikuntzan sinisten duena, eta etorkizuneko belaunaldiak konpromisoan eta lankidetzan heziko duena.

Egilea: Begoña Pedrosa, Hezkuntza sailburuordea.

Aurkitu zure interes eta beharretara ondoen egokitzen den Kristau Eskolako ikastetxea

Ikastetxea bilatu